Total, nik ez daukat ezer ezkutatzeko

5 irakurketa minutu

Seguru esaldi hori behin baino gehiagotan entzun duzuela norbaitek pribatutasunaren gaia mahai gainera ateatzen duenean.

Gaur egun ezinbestekoak bihurtu diren hainbat zerbitzu "doan" erabiltzen ditugunean, doan ez ditugula erabiltzen, gure datuekin ordaintzen dugula norbaiti ulertarazi nahi diozunean, erantzun mitikoa hau da: "total, nik ez daukat ezer ezkutatzeko, ez zait inporta". Zapla !!

Hori esaten dizute, eta bat-batean badirudi zu zerala zerbait ezkutatzeko duena. Pribatutasunak hainbeste arduratzen bazaitu, zerren beldur zera, zer duzu hor inork jakin ezin duena ?

Eta hor jardungo dezu, azalduz ez duzula zertan sekretu marabilloso bat izan behar pribatutasuna ondo gorde behar den altxorra dela aldarrikatzeko, behin galdu ezkero gero oso zaila izango dela berreskuratzea. Eta adierazpen askatasunaren adibidea jartzen diezu: Nik ez dut ezer berezirik esateko, baina ulertzen det adierazpen askatasuna ondo zainduta egon behar dela.

Alferrik, ez dute ulertzen diozuna, eta berriro berdina errepikatzen dute. Nahi dezuna, baina nik ez dut ezer ezkutatzeko, beraz bost axola nire korreoan edo nire mezuetan sartzen badira, ez dut sekreturik.

Ariketa hau proposatzen dizuet

Hurrengoan honelako egoera baten aurrean aurkitzen zaretenean, pribatutasun beharrik ez duen lagun horrekin ariketa hau egitea proposatzen dizuet:

  • Bere telefonoa blokeatzeko duen PIN edo patroia kendu eta telefonoa pasahitz gabe uzteko eskatu
  • Aurkitzen dezuen lehen pertsonari (edo lantegiko edozein lankideri, edo eskolako edozein ikaskideri), gure lagunarentzat ezezaguna bada hobeto, telefonoa pare bat orduz utzi baldintza hauekin:
    • Helburua zuen lagunaren telefonoan kuxkuxeatzea da, ahalik eta gehien.
      • Irakurri ditzala bere posta elektronikoko mezuak
      • Begiratu/Irakurri ditzala bere Whatsapp, Instagram, Twitter, Facebook eta abarreko aplikaziotean bere lagun, bikote, familiako kideekin dituen elkarrizketa guztiak
      • Telefonoan dituen argazki eta bideotan ere bota dezala begirada bat
      • Ordenagailua eskura badu, konektatu dezala telefonoa eta nahi duen informazio guztia deskargatu dezala nahi duenean denbora gehiagorekin kuxkuxeatzen jarraitzeko.
    • Baldintza hauek bete beharko ditu
      • Ezin izango du ezer ezabatu
      • Ezin izango du gure lagunaren identitatea erabiliz inolako mezurik bidali bere telefonotik
      • Ezin izango du telefonoa erabili deiak edo SMSak bidaltzeko. Esperimentu honek ez diezaiola gure lagunari dirutan kosturik suposatu. Datuetan seguru baietz, baina ez zaio axola ezta?
    • Esperimentua aurrera eramateko aurkitu dugun pertsona honek telefonoa lapurtu ez dezan oinarrizko neurriak hartu (lagunak ez dezan telefonoa betirako galdu), adibidez
      • Pertsona ezaguna bada, badakigu ez duela telefonoa lapurtuko
      • Pertsona ezezaguna bada eta esperimentuan parte hartu nahi badu, trukean bere karneta uztea eskatu, horrela badakigu telefonoa bueltatzera etorriko dela.

Baldintza hauekin esperimentua aurrera eramateko gure lagunak ez badu arazorik ikusten, arrazoia eman beharko diogu, egia esaten du bere pribatutasuna ez zaiola axola dioenean.

Aldiz, ez badu nahi, ez duelako nahi bere txoko pribatuko datuak inork kuxkuxeatzea, orduan agian ulertu du esan nahi duguna. Pribatutasuna defendatzeak ez du esan nahi pedofilo bat zarenik, ez du nahi esan gaizkile edo terrorista bat zarenik. Guk denok gure esparru pribatuan sortzen eta partekatzen dugun informazioa eta datuak inoren esku ez egoteko nahia guztiz legitimoa dela, eta eskubide hori defendatu beharko genuke.

Gure datuen truke Google, Facebook, WhatsApp eta honelakoen aplizazioak (doan?) erabiltzen ditugunean, ezezagun batzuei gure datuetan kuxkuxeatzeko baimena ematen ari gara, beraz itxu-itxuan joan beharrean, aztertu/galdetu dezagun ea alternatibaren bat badagoen gure pribatutasuna errespetatuz antzerako zerbitzua emango diguten baina gure pribatutasuna errespetatuko duten beste aplikaziorik badauden jakiteko. Zihur badaudela.